736 Zenbakia 2019-02-26 / 2019-03-18

Gaiak

Neuro-hezkuntzaren logikaren muina: gizaki neurala

LARRAÑAGA ARRIOLA, Jexux

Gizarte Antropologoa

Sarrera

Neurozientziaren arriskua da norbanakoaren izaera berariazkoa eta bakarra  (subjektibotasuna) ezabatzeko duen joera. Halere, geroz eta arrakasta gehiagorekin egiten ari da bere sarbidea hainbeste alorretan, hezkuntzara bidean kasu,  sortzen dituen diziplina berrien bitartez, eta merkatuko salgaiak bailiren zabaldutako pakete hezigarrien formatupean: neuro-hezkuntza, neuro-didaktika, neuro-psiko-hezkuntza eta abar, diziplina horien adibide batzuek baino ez dira; eta beste hainbat zientzia alorretan izandako zabalkundea ere hor dago: neuro-ekonomia, neuro-etika, neuro-estetika, neuro-teologia, neuro-politika, neuro-marketina, neuro-jurisprudentzia, neuro-zuzenbidea eta abar.

“Neuro” aurrizkiaren inflazio kulturalaren garaia da egungoa, Lipinak (2016) azaltzen duenez, egiaztagarria gertatzen ari da ezagutza neurozientifikoaren erabilpen okerra; gizarteari begira gain estimatua dagoen ezagutza da, bai egiten den zabalkundeagatik edota hainbat esparru bereganatzeko egiten dituen ahalegin saioetan; baina hori guztia ondorengo etiko, sozialak eta ideologikoak aintzat hartu gabe egiten da. Okerreko erabilpen horrek, azken muturrean, kontsumo proposamena bihurtzen du. “Neuro” aurrizkiarekin bataiatutako edozelako ezagutza arloan, sarbide erraza aurkitzen du premia berrietara egokituz eta “diskurtso zientifista” bera are eta gehiago hauspotuz. Bide hori egiten dihardu neuro-hezkuntza-ren sarbideak ere, bere proposamenen salgarritasunak erakargarriago egin du hezkuntzaren alorra eta Plangintza orokorretan[1] txertatzen dira haren erabilera sustatzeko neurriak. Hezkuntza proposamen horietan, besteak beste, hezkuntza porroten erantzun bide azkar eta gidatua emateko hainbat neurri hartzeko proposamena alor desberdinetatik egiten da: neuro-garapenaren nahasmenduak, neuro-teknologiak, edota neurozientzia klinikoa bera.

1. Logikaren muina: gizaki neurala

Castorinak (2016) azaltzen du neurozientziatik hezkuntzarako egin nahi den jauzia, luzeegia dela. Hau da arrakala: laborategi zientzien eremu eta baldintza jakinetan lortutako emaitzak ezin litezke bestelakoa den ezagutza alorrean (hezkuntza-pedagogia kasu) lorpentzat jo eta zuzenean programa arrakastatsu bihurtu, haatik hainbat egileek hezkuntza praktiken erabilpena “arazotsua” dela ondorioztatu dute. Neuro-hezkuntza sarbidean neuromitoek (diskurtso zientifisten gaineko interpretazio ulerkera okerrak) izan duten eragina aipatu behar da lehenik, eta ondoren, zenbait neurozientzialariek egin nahi duten erabilera (aplikazionismoa) ulertzeko moduan atzemandako logiken okerra: batetik, neurozientzialarien argudiatze logikaren akatsak edo hutsak egon badaude, eta bestetik, aplikazionismo hori eusten eta zilegitzen ari den mundu-era logika, alde bakarrekoa dela erakutsi du, ideologia jakinaren atxikimenduan, hau da, eredu neoliberalaren atxikimenduaren mesederako. Haatik, beharrezkoa egiten da galdekatzea neuro-hezkuntzaren sarbide baldintzetan dauden ezaugarri kulturalak eta sozialak, jakiteko hain zuzen, ea bidezkoa ote den garunaren nagusigoan oinarritutako “subjektu neurala”-ren[2] ulerkera murriztailea.

Ulerkera logika murriztailetik, hainbat neurozientzilariek, subjektuaren bizi esperientzia alboratu eta zatietako bati arrazoi kausala eragozten diotenean, argudiaketa akatsa egiten dutela azaldu du Castorinak. Zatietako baten  edo garunaren oinarri biologikoan, pertsona osoaren ezagutza bildu nahi denean huts nabarmena egiten du neurozientziak. “Garunak ikasi”, “garunak pentsatu”  edo “eskolara doan garuna,” neuro-hezkuntzak erabiltzen dituen moduko burubideek, ondorio okerrak direla erakusten dute. Castorinak, neuro-hezkuntzak erabiltzen duen beste logika okerraren adibidea aurrebaldintzen eta ondorioen arteko loturetan ikusten du, izan ere,  beti ez dago esaterik aurrebaldintza zuzenak ondorio zuzenak ekarriko dituztenik.  Adibidez, diskalkuliaren arazo neurologikoak baldin badaude matematika ikasteko zailtasunak daude, eta  matematika ikasteko zailtasunak baldin badaude, diskalkulia nahasteak daude; dislexiaren arazo neurologikoak baldin badaude hizkuntzak ikasteko arazoak daude eta hizkuntza ikasteko arazoak baldin badaude dislexia nahasteak daude; eta abar

Neurozientzia mugiarazten duen mundu-era ulertzeko logika kartesiarraren binarismoa aipatuko dugu ondoren. Neurozientzialari askoren tesien oinarrian,  subjektu psikologikoa, soziala, kulturala (psiko-soziokulturala) prozesu bio-kimikoetara murrizteko ameskeria dago. Subjektuek bizi dituzten prozesu mentalak, egoerak, gertaerak, harremanak, prozesu neuraletik soilik azaltzea murriztailea bihurtzen da. Horregatixe hezkuntza prozesuen dimentsio soziala, kulturala eta psikologikoa ezin liteke “ikasten duen garuna” edota “irakurtzen duen garuna”-ren  ikuspegi murriztutik bakarrik esanguratu.

2. Alderdi sozialaren galera

Logika murriztaileraren alderdi sozialaren galerari begira jarri ezkero berriz, honela dio Kaplanek:

Pedagogo bezala pentsatu beharra dago zergatik ikuspegi eta ikuskera horiek sartzen diren ikastetxeetan modu akritikoan. Hau da, zergatik ikasten duten subjektuei buruz pentsatu beharrean, garun txiroagoak, garun aberatsagoak edo buruko gaitasunei buruz hitz egiten hasten garen. Pedagogiaren ikuspegi zaharra eta kontserbadorea da, zeren eta guk mantentzen duguna da aberatsen eta pobreen arteko garuneko ezberdintasunik ez dagoela. Dagoena da, edozein kasutan, ikasteko baldintza eta aukera desberdinak, funtsean gizartearenak direnak. Desberdintasunean ez dago ezer naturala denik. Hau da, desberdintasun soziala eta hezitzailea ez dago garunean. Hala ere, ikuspegi horiek norberak kritikoki begiratu eta aztertzen ez baditu, iritsi liteke pentsatzera ezinbestean burmuinek direla pertsonen arrakasta edo porrota definitzen dutenak bai  gizartean eta bai eskolan ere[3].

Egile honek azaltzen du azken urteetako pedagogia kritikoa ikaskuntza prozesuaren  baldintza sozialekin lotura estuagoan egon izan dela. Egun, justizia sozialaren mailak berdintzen saiatu beharrean, hezkuntzaren arazoa garunean fokuratu baita. Garunaren fokuratzea[4], hezkuntza zereginen erdigunera ekarri da. Ordena soziala zilegitzeko beste modu bat baino ez ote du bihurtzen eskola, hori da Kaplanen galdera. Hortaz, ikasteko ezberdintasunak sortzen direnean, norbanakoaren garunean aurkitutako gabezia neuronalei atxikiko zaie arazoa, epaiketa kondenatzailea balitz bezala. Konplexutasun soziala saihestu eta erantzun  tekniko ordezkagarriak bilatzen dira. Alderdi sozialak baztertzen dituen eskema neuralak bada, konputagailuaren metafora erabiliz, garuna bihurtzen du prozesadore.

Bestalde, neurozientzien bultzadan egiten diren hezkuntza proposamenetan (aldez aurretik diseinatutako pakete hezigarriak edo ordenagailu aurrean bakarka jarduteko atazen sekuentziak) hobekuntza neuronala jartzen da erdigunean, hezkuntza prozesuaren ardatza garunean fokuratuz. Hortaz, lorpen ikaskuntzak behar bezala ez doazenerako edota norbanakoari eskatzen zaizkion jokabideen aldaketa sustatze bidean, erabilera farmako-logikoa zilegitu eta eskutik etorriko da. Benetan axola duena jokabidea gobernatuko duen prozesu neuro-biologikoa da: Neurozientzien logikak nagusiki, giza portaera-jokabidea-jardunbidea-gorputza, kontrolatu beharreko makina gisara ulertzen du konputagailuaren metaforaren abiapuntutik. Gizaki neuralaren logika murriztaileak pentsamendu kritikoaren eta askatasunaren galerarekin zerikusirik baduela ondorioztatu dezakegu honezkero.

Neuro-hezkuntzaren ikuspegiaren aldeko askok uste dute garuna hobeto ezagutzea eta ikaslea ezagutzea biak baliokideak direla.

3. Hezkuntza pedagogiaren begirada

Neuro-hezkuntzaren ikuspegiaren aldeko askok uste dute garuna hobeto ezagutzea eta ikaslea ezagutzea biak baliokideak direla. Baina, arrazoibide horretan hainbat hutsune badira, garunean fokuratutako azalpen linealetik baino pedagogiaren ikuspegitik berreskuratu beharrekoak direnak, izan ere garunari begiratzea eta ikasleari begiratzea ez dira gauza bera.

Honezkero esan behar dugu,  garunaren ezagutza zientifikoa ez dela modu bakarra ez eta onena beharbada, irakaskuntza hobetzeko. Neuro-hezkuntzan erabilitako “garunean oinarrituriko ikaskuntza” burubidetik hezkuntzaren iraultza iragarri den arren, emandako argudioek, aspaldian psikologia ebolutibo klasikoak emandakoen antzekoak dira: “Buruak nola funtzionatzen duen ulertzen badugu, heziketa hobetuko dugu”. Bi kasuetan arrazoi bertsuak erabili izan dira, hots: hezkuntza harremanetan ematen diren erlazio konplexuak, aldakorrak, subjektiboak ezabatu nahi izan direnean, formulazio esentzia-listak erabiltzeko joera azaldu da. Paulo Freirek (1979) pedagogo handiak eutsi zuen irakaskuntzaren abiapuntua ikasleen marko kulturalean kokatu beharrezkoa dela: hezkuntza markoaren osagai ideologiko, politiko eta sozialak bete-betean harrapatu eta zeharkatzen dute hezkuntza prozesua, alboratu ezinak dira. Ideia hori bera Vigotskyren teoria sozio-historiakoak[5] berretsi zuen geroago, ikaskuntza/irakaskuntza euskarritzen duen marko sozialetik banandu ezina zela azaldu zuenean. Egun, hezkuntza pedagogiaren begirada lantzea inoiz baino premiazkoagoa izaten darrain, hezkuntza trama ekoitziko dituzten gertuko harreman beroak zein gizatiarren bitartez. 

4. Ondorioa

Gizarte globalaren eredu biopolitikoak[6] erakusten du dena salerosketa harremanetan taxutzen dela, eta kultura zein pertsona, merkatu neurrien arabera ulertzen dela. Kontsumo beharrizanak subjektibotasun otzandua beharrezkoa du eredu beraren bermea izan dadin. Zoriontasunaren bilaketa ostera, barneratutako gizarte-agindua bihurtu dugu, eta zoriontasuna, kontsumo mugagabean, edozein baldintzetan lortu beharreko arrakastan, eta sendabide guztietarako erantzuna duen kontsumo farmakologikoaren eskaintzan erosten da.

Askatasunaren aukera erdigunekoa bihurtzen da afera honetan. Hortaz, neuronak garunaren anatomia erantzuleak diren arren, neuronen moldagarritasuna gizabanakoen esperientzietara egokitzeko ahalmenaz birsortzen dela ikusten da. Haatik, giza garunari datxekion askatasuna onartzea, gizakia ez dagoela genetikoki predestinatuta onartzea da, eta hein berean, erantzun bakarreko soluziobiderik ez dagoela ere onartzea. Norbanakoaren eremu aske horretan erabaki dezakegula zer izango garen, garabide hori kolektiboa ere badela aitortzeko.

Bibliografia

  • Castorina J. (2016) “La relación problemática entre neurociencias y educación. Condiciones y análisis crítico”,  Propuesta Educativa 46 zenb.  azaroa  2.vol,  26-41
  • Freinet C. (1979) Por una escuela del pueblo, Laia, Bartzelona
  • Merlin N. (2017): La colonizacion de la subjetividad: Los medios masivos en la época del biomercado, Letra Viva, Buenos Aires
  • Rose, S. (2009): No está en los genes, Crítica, Bartzelona

Erreferentziak digitalak

  • Brailovsky D., “Las neurociencias no revolucionan la educación”, La Izquierda Diario,  urriak, 2016
  • Beltrán D.,El lenguaje cientifista como pretexto”, Cooperacion educativa 47,1998
  • Carpintero E.,  “Un síntoma de época: la medicalización en los niños”, Topia 68, 2013
  • Duarte, J., “Las neurociencias como marketing político”, IdZ 34, urriak, 2016.
  • Kiel L.,“La felicidad al alcance de cualquier cerebro”, una crítica a la moda de las neurociencias, Pagina12com.ar, maiatzak 2018 
  • Kaplan C. , “Una mirada critica de las neurociencias en la enseñanza” El litoral /Educacion, abuztuak, 2016
  • Lipina Sebastian J., “A propósito de la inflacción cultural del prefijo Neuro”, IDZ 34, urriak, 2016
 

[1] Ikus hemen , Hezkuntzara bideratutako Neurozientzian Plana  eta eratortzen duena. https://www.mecd.gob.es/educacion/mc/neurociencia-educativa/plan/ejes.html

 

[2] Subjektu neurala merkatu sistemarekin loturan jartzen dute hainbat egilek (Perez Alvarez,2011) hain zuzen, merkatu sistemari  funtzionala zaion eraiketa bat denez. Pentsamendu honek erakusten du neoliberalismoa garunaren diseinuarekin bat etorri behar duela .

[3] Kaplan (2016:1) La desigualdad social y educativa no se aloja en el cerebro", Una mirada crítica de las neurociencias en la enseñanza, El litoral /Educacion

https://www.ellitoral.com/index.php/id_um/134195-kaplan-la-desigualdad-social-y-educativa-no-se-aloja-en-el-cerebro-una-mirada-critica-de-las-neurociencias-en-la-ensenanza

[4]  Perez Alvarezek (2011) “cerebro-centrismo” izendatu duena  itzultzeko erabiliko dugu

[5] Vygotsky-ren teoria sozio-historiakoak agerira ekartzen du umeen bate-etortze aktiboa bere ingurunearekin duen garrantzia eta garapen kognitibokoaren prozesuan sozializazioaren ezinbesteko papera. Ikaskuntza, elkarreragin sozial eta kulturalaren emaitza gisa jo zuen, giza izaera nabarmenki soziala dela ulertu baitzuen. Finean, ikaskuntza prozesua, izaera sozial horren ondorioa litzateke.

[6]  Botere sistemak,  gizakien gaitasun biologikoaren bahiketa oharkabea egiten dihardu bere interesen alde. Hedabide korporatiboek eta marketina tresna garrantzitsuak dira ideia zein kontsigna gakoak barneratzen joateko “naturalizatu” eta kultura sistemak bereganatzen duen arte. Sistema neoliberalaren ekoizpen biopolitikoa “subjektibotasunaren bahiketan” datza (Merlin,2017)